Uribe Kostako Eusko Alkartasuna 





komunitatEA 

mar 08 2013

Emakumeen borroka, berdintasunaren aldeko borroka da, beraz, guztion borroka.

Honek argitaratua: uribekosta ordu honetan: 14:41:22 hemen: Euskal Herria

Zorionak eta eskerrik asko emakume izateagatik

Siriako emakumeei, nahi ez duten guda batean haiek erditutako sendi osoak galtzen dituztelako.

Egiptoko emakumeei, indar eta kemenez irten direlako kalera haien aurkako bortizkeria salatzeko.

New Yorkeko Trinagle Shirtwaisteko langileen oroimenez, haiei esker emakume langileen borroka kalera atera zelako.

Somaliako emakumeei, beste batzuen gozamenerako haien gozamen eta gorputza mozten dizkietelako.

Indiako emakumeei, haien aurka egiten diren sarraskien berri mundu osora helarazteagatik…

Txinako emakumeei, edertasunaren izenean oinak txikiarazten dizkietelako.

Kurdistango emakumeei, batez ere aurten Sakine Cansiz, Fidan Dogan eta Leyla Soylemezeri, euren herriaren alde lan egiteagatik erailak izan zirenak.

Argentinako emakumeei, hainbeste emakume bahitu eta tratarako erabiltzearen aurka lan egiten dutelako. Aipamen berezia Susana Trimarcori egin nahi diogu, bere alabaren bilaketa nekaezinean, hainbat eta hainbat emakumeri bizi berria eman dielako.

Hondarribi eta Iruneko emakumeei, txirula baino gehiago, ausardia jotzen dutelako urtero, eta zein polita den emakumeak eta gizonak batera agertzea erakusten dutelako.

Sorgin izateagatik erre zituztenei, sortzea eta zaintzea besterik ez zelako izan beren bekatua. Gaur egun emakume guztiak garelako sorgin.

Euskal emakumeei, Euskara eta euskal kulturaren gordailu eta transmisore izateagatik, eta eguneroko berdintasunaren borrokan tinko eusteagatik.

Historian zehar gizon itxura edo izena hartu behar izan duten emakumeei, emakume izate soilagatik beraien lana zokoratzen zelako.

Feministen mugimenduei, egunero gogorarazten digutelako oraindik asko dagoela egiteke berdintasun erreala lortzeko.

Atsoei, beraien irakatsiez eta jakinduriaz zentzuz hornitzen dutelako gure ekina.

Neskatxei, feminitatean oinarrituz mundu honen oreka bilatu behar dutelako.

Emakume langileei, beren lanaz mundua hobetzen dutelako.

Betiko emakumeei, guda egiten badakitelako, baina nahiago dute armatzat maitasuna erabiltzea.

Munduko emakume guztiei, beraien lanari esker hemen gaudelako. Beraiek gabe ez dagoelako hezkuntzarik, identitaterik edo kulturarik, baina batez ere ez dagoelako bizitzarik.

Hitz xume eta sentitu hauekin, gaur, egunero bezala, emakumeen adorea, indarra eta beharra aldarrikatzen ditugu, izan ziren guztien ohorez, garenon ekinez eta izango direnen itxaropenez; betiere gure miresmen osoz,

ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO EMAKUME IZATEAGATIK!

Etiquetas blog: M8 ;
Etiquetas todos los blogs: M8 ;

Trackback URI | Comentarios RSS

Iruzkin bat idatzi